XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez da, ezta ere, nire adimenaren fikzioa, ez baitago nire esku berari ezer kentzea edo gaineratzea. Eta ondorioz esan dezakedan gauza bakarra da ideia hori jaiotzetikoa dudala, niaren ideia jaiotzetikoa dudan bezalaxe.

Eta ez da harritzekoa izango Jainkoak, ni sortzean, ideia hori niregan ezar zezan, langileak bere lanean inprimatzen duen bere ikurra bailitzan. Eta ikur honek ez du izan behar lan horretaz ezberdina. Baina Jainkoak sortu nauenez, sinesgarria da berak bere irudira edo antzera sortu nauela nola edo hala, eta sinestekoa da, halaber, nik antz hori (Jainkoaren ideia biltzen duena) burura dezadan nia bururatzen dudan ahalmen berdinaz.

Alegia, nire buruaz gogoeta egiten dudanean ezagutzen dut ni inperfektua, osagabea eta beste zerbaiten menpeko naizela, eta ni naizena baino zerbait handiagoa eta hobea irrikatzen dudala, baina hori ez ezik, ezagutzen dut, aldi berean, nire gainetik dagoenak nik irrikatzen ditudan gauza handi horiek badituela, ez bakarrik zehaztugabe eta gaitasunean, baizik eta zertuta, oraineratuak eta amaigabeki, eta, ondorioz, berak Jainkoa izan behar du.

Eta Jainkoaren existentzia frogatzeko erabili dudan argudioaren indarra zeran datza: aitortzen dudala ezinezkoa izango litzatekeela ni naizen modukoa izatea eta Jainkoaren ideia izatea, Jainkoa benetan existituko ez balitz. Eta Jainko hau nik dudan Jainkoaren ideiarekin bat dator, berak perfekzio horiek guztiak ditu nik ulertzen ez ditudanak, baina pentsamenduarekin niregana ditzakedanak, ez du akatsik, eta ez du inperfekzioren baten seinale izan daitekeen ezer.

Naturaren argiak irakasten digunez iruzurra akats batetik datorrela, nahikoa garbi dago, orduan, bera ezin dela izan engainatzalea.